XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oroitzen ote zara Segitzen du zuzen. Lehenbiziko kurutzeraino.

Arterio zabalen poltsua sumatzen du munstro ikaragarri baten barnean piaian ibil baledi bezala.

T-k ez daki gehiago nun den, nahi izanikan ere bere hotelaren bidea ez dezake atxeman bakarrik.

Bainan, denbora berean badaki bere buruari gezurka ari dela eta zinez nahi baldin badu, taxi bat dei dezakeela edo norbaiti bidea galdetu; nahi luke bere burua galdu. Desagertu.

Sekulan gehiago ez dezan nehork bere berririk ukan.

Nortasunez aldatu. Amnesia probokatu. Bizi berri bat asmatu iragana efazatuz.

Bizian ez du gehiago loturarik. Xantza. Bakarrik; erremediorik gabe.

Alta maitasuna eman dezake; maita lezake oraino... Zimikoa.

Zauria ez du ideki nahi. Zertarako? Zeruari begiratzen dio.

Abenidako lanpaderek eta autoen faroek ez dituzte izarrak dirdiratzera uzten.

Hiriak espazioaren zabaltasuna ezeztatu, kontrariatu nahi du.

Majizianoek argi artifizialekin bortxatzen dituzte ilunpeak; beharrezkoak diren ilunpeak.

Irriz hasten da. Ezin geldituz. Ezin atxikizko irri karkail batek hatzaparpean hartzen dio gorputz guzia.

Bizpahiru pertsonen kontra joaten da.

Tripak min egiten dio.

Ez da ohartzen, jendeek ondoan pasatzean eremu huts bat uzten diotela bere itzulian; gero eta gehiago begirada bitxiekin so egiten diotela.

Erotako hartzen dukete. Nigarrez, tripa esku batekin atxikiz, mahasin dirdiratsu baten kontra pausatzen da.

Erotako... Nun daude mugak? XX. mende bukaera hunek nun ezartzen ote ditu mugak? Irriaren olatu ezin atxikizkoak eztitzen badoaz, nigarrak gelditzen zaizkio, bakarrik nigarren erresto bustia mateletan.

Zeruari begiratzen dio. Desesperatuki. Begirada ilundu, tristetu zaio. Zerua ez du ongi ikusten.

Zer itxura ukan ote lezakete hiriek, supituki alimaleko elektrizitateko pana batek, hiri guzietan, munduko hiri guzietan, farola, argi-baso, autoen faro, lanpa-elektrika, lanpa-halogeno eta neon guziak itzal balitzake? Gogora heldu zaio arratsaldean, konferentzia salatik kanpora begiratzean leihoan moztua ikusi duen zeru urdin hedoitsua.

Hedoiak badoaz ximixtan han gaindi.

Magritte-n margo hura... Nola ote du izena? Beti nekez oroitzen da izenetaz baina ikusten dituen gauzek markaturik uzten dute. Luzaz.

Kotoinezko hedoi lagun mugikorrak ikusten dituen aldi oroz, beti margo bera heldu zaio gogora obsesione bat bezein temuntzia.

T-rentzat Magritte-n lehio harek Proust-entzat Delft-eko Vermeer-en pareta puska ttipi horiak duen funtzioa betetzen du: edertasunari, ametsari bidea zabaldu, heriotzaren karkaila urrun arazi... Plastrezko emazte aurpegi ezti hura; begiak hetsiak, barneko nirvana batean galdua eta... poltsuaren tokian, odola. Elurra zikindurik.

Lau erreka ñimiño matel xurian beiti.

Ondoan, larrazkeneko haize eroak ekarritako hosto galdu bat eta erditik ebakia den pilota xuriaren borobiltasun hautsia.